Testu hau honako hizkuntzatan aurki daiteke: gaztelera

Gaur Iñaki Arriolak, PSEko Gipuzkoako idazkari nagusia eta Patxi Lopezen Gobernuko garraio sailburuak, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Hernani-Astigarraga zatiko “lehengo harria” jarri du, eta honen aurrean Gipuzkoako Ezker Abertzaleak dio krisi garai honetan ez dela bidezkoa denon dirua obra faraonikoetan xahutzea, eta diru publikoa gehien behar dutenak babestean eta tokiko garapenean inbertitu behar dela.

Azken urte hauetan Gipuzkoan obra faraoniko asko proiektatu dira, Pasaiako kanpo portua, Zubietako errauste planta… baina handiena kostu ekonomiko, sozial eta ekologikoaren aldetik AHTarena izan da. EAJk eta PSEk bultzatutako obra guzti horiek Gipuzkoako etorkizun ekonomikoa urte luzez hipotekatu dute, gure historian zehar izandako diru xahuketa handiena eraginez. Gogoratu behar dira hemen Bidegiren desfaseak (282 miloi eurokoak), Kontu Auzitegiak frogatutzat eman dituena eta EAJk oraindik argitu ez dituenak.

Testuinguru ekonomikoa okerrera joan arren, EAJk eta PSEk krisia eragin duten errezeta berberak ezartzen jarraitzen dute, gaurko Arriolaren inaugurazioak erakusten duen moduan. Krisi ekonomiko egoera larrian egon arren, Gasteizko Gobernuak 2012an AHTaren Gipuzkoako zatirako 380 miloi euro bideratuko ditu. Izan ere, AHTari bideratuko diru saila da bere horretan mantendu duen bakarra, eta beste guztietan jaitsiera nabarmenak ezarri ditu: hezkuntzan eta Osakidetzan esaterako. Hau ez da ulergarria ez eta onargarria ere.

EAJ eta PSE AHTaren proiektu zentzugabearen alde itsu-itsuan ari dira, Gipuzkoan 42000 langabe eta 10000 pertsona pobreziaren atarian daudenean. Eskandalagarria da. PSEk benetan Gipuzkoako ekonomiari lagundu nahi badio, AHTa eraikitzeko xahutu behar duten diru guzti hori jendartearen benetako beharretan inbertitu beharko luke.

Beste azpiegiturekin gertatu bezala, AHTa inposatu egin dute, eztabaida sozialik eman gabe eta herritarren kezkak, zalantzak eta iritziak kontuan hartu gabe. Izan ere, AHTaren aurkako mugimendu zabala eratu da Gipuzkoa osoan, eta herri galdeketa batzuk ere burutu dira, eta guztietan herritarrek AHTa ez dela beharrezkoa adierazi dute. AHTarena, beraz, herritarren nahiak eta beharrak kontuan hartu gabe aurrera doan proiektua da.

Eraikuntzan, espekulazioan eta diru xahuketan oinarritutako eredu zahar horri herritarrek stop esan diote: nahiko da esan dute argi eta garbi. Maiatzaren 22ko hauteskundeen ostean, Gipuzkoan gehiengo berriak osatu dira, eta beste eredu sozioekonomiko bat eraikitzen hasi da. Krisi garai honetan, gure bitarteko ekonomikoak hobeto inbertitu behar ditugu, gehien behar dutenak babestuz eta tokian tokiko ekonomiak sustatuz. Erabakiak herritarrekin hartu behar dira, eta inolaz ere ez inposatu AHTarekin egiten den bezala, eta prozesu parte-hartzaile zabalak eratu, herritarren eskuetan informazio guztia jarriz.

Diru xahuketa erraldoia delako, ingurumenari izugarrizko kaltea eragiten diolako eta gipuzkoarren beharrak eta nahiak kontuan hartu gabe eraikitzen ari direlako, Ezker Abertzalea, gaur inoiz baino gehiago, AHTa gelditzeko bere apustuan berresten da.