Testu hau honako hizkuntzatan aurki daiteke: gaztelera

Egun on eta eskerrik asko D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketako inputatuok egin dugun deialdira bertaratzeagatik. Hemen gaude Jose Antonio Munduate, Hodei Egaña, Xabier Isasa, Imanol Nieto, Iker Rodrigo, Agurtzane Solabarrieta, Eli Zubiaga, eta guztion izenean hitz egingo dugun Amparo Lasheras eta Arantza Urkaregi. Epaiketa honetan dago egun kartzelan dagoen Aitor Liguerzana ere.

Jakingo duzuenez, epaiketa hasteko zen gaur bertan, apirilaren 30ean, Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henares herrian dagoen “Las Fronteras” izeneko industri poligonoan duen egoitzan, Madriletik 15 Km.-ra. Azkenean, epaiketa datorren ostegunean, maiatzaren 3an hasiko da eta maiatzaren 4, 7, 8, 9, 17 eta 18 egunetan zehar luzatuko da. Madrilera abiatu baino lehen, inputatuok epaiketari buruz dugun balorazioa azaldu nahi izan dizuegu.

Lehenengoz, salatu behar dugu gaur egun oraindik ez dakigula nortzuk izango diren epaituko gaituztenak. Apirilaren 16an, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoaren Presidente kargua hartu du Fernando Grande-Marlaska epaileak, Javier Gómez Bermúdez epailea ordezkatuz. Aldaketa horren ondorioz, azken epaile hori jadanik ez da epaituko gaituen Zigor Arloko Lehen Atalaren kidea. Eta gure abokatuei ez dietela jakinarazi nortzuk ordezkatuko dituzten Javier Gómez Bermúdez eta beste epaileak.

Egoera horrek Espainiako justizia-sistemaren funtzionamendu okerra islatzeaz gain, indefentsioa sortarazten digu. Indefentsio are handiagoa kontuan hartzen badugu gure abokatuek aurkezturiko 64 lekukoen arteko 6 besterik ez dituztela onartu; fiskaltzaren lekukoen kasuan, poliziak direnak, aldiz, guztiak onartuak izan diren bitartean.

D3M hautesle plataforma eta Askatasuna alderdia sortzeagatik epaituko gaituzte, 2009ko martxoaren 1ean izandako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan hautagaitzak aurkezteagatik izango gara epaituak. Hori da gure delitua: euskal herritarrei hautes-eskaintza abertzale eta ezkerrekoa aurkeztea.

Akusazioa oso bestelakoa da: ETAko kide edo kolaboratzaileak izatea. Oinarririk gabeko akusazioa, bai, baina 7 edo 9 urteko kartzela zigorra ondoriozta ditzakeena, fiskaltzaren eskaera ontzat ematen badute.

Egoera larria izan arren, Madrilera oso lasai joango garela aitortu behar dugu, jakin badakigu gure delitu bakarra Euskal Herriak behar duen aldaketa politiko eta sozialaren alde lan egitea izan dela, justizia sozialean oinarrituriko Euskal Herri independentea lortzearen aldeko lana bultzatzea, Euskal Herrian bizi dugun hiru milioi herritarrentzako demokrazia aldarrikatzea. Milaka eta milaka euskal herritarrek babesten dituzten helburuak, hain zuzen. Geu eseriko gara epaileen aurrean, baina benetan epaitu nahi dutena da Euskal Herrian eskenatoki berria eraikitzearen aldeko lana. Euskal jendartearen gehiengo zabalak nahi duen bake eta demokraziako agertokiaren aldeko lana, gero eta hurbilago dugun agertokia lortzeko ahaleginak.

Bizi dugun gatazka historikoa bide politiko eta demokratikoen bidez konpontzeko ezker abertzaleak hartutako aldebakarreko erabakiaren ondoren, gure herrian zabaldu den aukera profitatzeko eta urratsak emateko euskal jendarteak egiten dizkion eskaeren aurrean Espainiako Gobernuak entzungor egiten jarraitzen du. Salbuespenezko politikei, ilegalizazioei eta eskubide zibil eta politikoen urraketari eusten die. Hain zuzen, oinarrizko eskubide demokratikoa den hauteskundeetan parte-hartzeko eskubidea defendatzeagatik epaituko gaituzte.

Baina salbuespeneko politika horiek agortuta daude, aspaldidanik egin dute porrot. Epaiketa politiko honen bidez, Euskal Herrian zabaldu berri dugun eskubide guztien urraketa gaindituko duen agertoki berriranzko bidea oztopatu nahi du Espainiako Estatuak. Baina ez du lortuko, Estatuaren erasoen aurrean, gero eta indar gehiago bilduko baititugu aski dela aldarrikatzeko, ez dugula epaiketa politiko gehiagorik, ezta eskubide zibil eta politikoen urraketa gehiagorik onartuko ozen oihukatzeko.

Azken asteetan epaiketa salatzeko egindako mobilizazioek horrela adierazi dute. Elkartasun handia jaso dugu Gasteizko kanpaldian, Eusko Legebiltzarreko itxialdi saiakeran, Unibertsitatean, gure herrietan izandako manifestazioetan edo larunbatean Donostian eskubideen puzzle erraldoia berrosatu zutenen milaka herritarren aldetik,…

Badakigu politika errepresiboak gainditu eta, D3M hizkiek adierazten zuten moduan, Euskal Herrian bizi dugun hiru milioi herritarrentzako demokraziari ateak zabaldu nahi dizkion euskal jendartearen gehiengoaren babesa dugula.

Epaiketan bertan jasoko dugu ordezkari politiko, sozial eta sindikalen babesa, bertara hurbilduko baitira epaiketa politiko berri hau salatzeko, edota maiatzaren 3an, arratsaldez Euskal Herriko herri ezberdinetan izango diren kontzentrazioetan.

Eta bereziki, elkartasun horrek bete egingo ditu Bilboko kaleak, datorren larunbatean, maiatzaren 5ean, arratsaldeko 17:30etan La Casillatik abiatuko den manifestazioan, “Eskubide guztiak, proiektu guztientzat. Epaiketa politikorik ez” lelo pean.

Gaur, dei egin nahi diegu euskal herritar guztiei, eraso gehiago onartzen ez dituztenei, Euskal Herriarentzako agertoki demokratikoa lortu nahi duten euskal herritar orori mobilizazio horietan parte har dezaten. Gero eta indar gehiago bildu behar ditugu gurea azken epaiketa politikoa izan dadin, Auzitegi Nazionalak ideia politikoak defendatzeagatik, ezkerreko proiektu independentistaren alde lan egiteagatik, euskal herritar gehiagorik epaitu ez dezan.