Testu hau honako hizkuntzatan aurki daiteke: ingelera, gaztelera

Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta ezker abertzaleko gure kideen kontra gaur bertan Espainiako Auzitegi Gorenak berretsitako sei urte eta erdi eta sei urteko kartzela zigorraren berri jakin ondoren, Ezker Abertzaleak bere irakurketa partekatu nahi du euskal jendartearekin.

Lehenik eta behin, gure agurrik bero eta sentikorrena luzatu nahi diegu Arnaldo, Rafa, Sonia, Arkaitz eta Mireni, bai eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten gainontzeko lagunei.

Onartezina, eskandalagarria, eta batez ere guztiz ulertezina da gaur jakitera emandako zigorra. Mina eman digu lan politikoa egitearen eta bake prozesua sustatzearren jasotako jipoi berri honek. Ez dugu sumindura hori ezkutatuko. Baina ez da soilik Ezker Abertzalearen sumina: Sententzia honek sumindura sortzen du Euskal Herrian eta Estatu espainiarrarekiko arrakala are gehiago zabaltzen du.

Euskal jendartean gehiengo zabalak, ia erabatekoak, ez du ulertzen sententzia hau. Irailean Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako zigorra erabat arbuiatu zuen euskal jendartearen gehiengoak, baita nazioarteko hainbat instantzia juridikok eta politikok ere. Baina, orain, ulertezintasun hori areagotu baino ez da egin. Euskal Herrian behin betiko konponbide demokratikorako prozesua abian delarik, Aieteko Konferentziatik eta ETAren jarduera armatuaren behin betiko bukaeratik sei hilabete igarota, eta konponbide elkarrizketatuaren aldeko jarrera aktiboa erabat nagusia denean Euskal Herrian zein nazioartean, Bateragune auziko kideen kontra modu honetako zigorra etortzea bakea eta prozesuaren aurkako eraso larria da.

Gaur zigortu dituzten kideen borondateak eta ahaleginak, militantzia independentistaren ekarpenarekin batera, posible egin dute Euskal Herrian bizi dugun egoera politiko berria. Egoera berri honen sustapenean jardun izana zigortu du Espainiako estatuak. Abian den konponbide prozesua bera zigortu nahi izan du. Mina eragiten du erabakiak, bai, baina beste ezeren gainetik, estatuaren ezintasun ikaragarriaren erakusle da. Euskal Herrian ireki den errealitate berriari bizkarra emanda jarraitzen dute, salbuespenezko neurri eta sententzien bidez, demokraziaren oinarrizko arauak hankapean hartuta.

Ekonomian kolapsoak jota dagoen estatua da Espainia uneotan, eta politikan totalitarismoz jokatzen duena, bai aldarrikapen nazionalen zein sozialen aurrean. Indarkeria politikoa darabil bere eskaintza eza estaltzeko, eta Euskal Herriaren kasuan proiektu guztien eztabaida aske eta demokratikoari dioten benetako beldurra estaltzeko: Zuen indarkeria zuen ezgaitasun politikoaren erakuslea da. Eta epai hau beste adibide bat da horretaz.

PSOEren aginduz 2009ko urrian buruturiko operazio polizialak eta osteko espetxeratzeek Ezker Abertzalearen eztabaida estrategikoa ezinezkoa egitea zuen xede: ez zuten lortu. Pasa den iraileko sententziak berriz, konponbide prozesua abian jartzea eragotzi nahi zuten: jakina denez ez zuten lortu. PSOE, Rubalcaba eta Lopez-ek ardura saihestezina dute honetan.

Orain, PPren gobernu batekin, gaurko berrespenak Espainiako estatuaren jarrera gotortu eta immobilistan jarraitzeko nahia baino ez du erakusten. Guztiz alferrikakoa eta ulertezina den jarreran tematzen dira beraz.

Baldintza berriak sortu dira Euskal Herrian, demokraziaren bidea osatzeko egundoko bultzada ematen ari da herri hau, herri gisa dagozkigun eskubideak onartuak eta errespetatuak izan daitezen. Sententzia honek bide honetan eta prozesuan sakontzeko beharra erakusten digu, gehiengo hori politikoki artikulatu eta herri gisa aurrera egiteko, ez baitago sententziarik herri indar hori geraraziko duenik. Ezker Abertzaleak ez dio bide honetan herri honi huts egingo. Eta inongo atxiloketa, epaiketa edota sententziarik ez gaitu biderik aterako.

Erantzunak beraz, tamaina berekoa izan behar du: errepresioaren eta ukazioaren rodilloari herri gisa dagokigun demokraziaren bidean sakonduz erantzun behar diogu eta horrek indarren batasuna eskatzen du, herri bezala erantzutea Madrili, sententziaren ankerkeriari eta boikot saiakera guztien aurretik aurrera doan herria bilduz erantzun behar zaio.

2009ko martxoan emandako prentsaurreko batean gure bost kideek esandako hau jaso dute zigortzeko sententzian, eta aipamen honekin bukatu nahi dugu. Ezker Abertzalearen egitekoak marraztu zituzten:

“abrir el proceso democrático que necesita Euskal Herria, para que por medio de la negociación y el acuerdo nos lleve a un escenario político en el que todos los proyectos políticos, incluidos el independentista, no sólo sean defendibles sino que sean también alcanzables, sin más limitación que la voluntad popular expresada de forma libre, democrática y pacífica”. Por otro lado, “volver a situar a los trabajadores y a los sectores populares de este país en el centro de los intereses políticos, económicos y sociales de Euskal Herria”.

Horixe bera da egiten ari garena, herri honetako beste hainbat eragile politiko eta sozialekin lankidetza emankorrean. Bide hori martxan dago, eta ez du ezerk ere geldituko.

Azkenik, egunotan burutuko diren mobilizazioei bere babesa adierazi nahi die Ezker Abertzaleak, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diogu euskal jendarte osoari.