Testu hau honako hizkuntzatan aurki daiteke: gaztelera

Nahiz eta 1512an konkistatuak izan  eta 500 urtez indarrez menpean izan gaituzten, Nafarroa estatua izan zen garai batean eta gaur egun ere herri gogoa bizirik dago galdutako subiranotasuna berreskuratzeko gogoz.

Gaur egun Nafarroak duen estatusa betikotu nahi dutenek, Espainiaren baitan, menpean eroso bizi direnek, historia gezurtatu dute konkistaren bortxa izaera ezkutatu nahian. Baina gaur, herri honetako hainbat eragilek, Nafarroa bizirik ekimenaren baitan egindako lan eskergagatik, esan dezakegu, UPN-PP-PSNk historiaren bataila hori galdu egin dutela.

Edonork argi du konkista indarrez egin zela, hainbat saiakera izan zirela subiranotasuna berreskuratzeko asmoz eta ordutik menperaturik egoteak hainbat ondorio ekarri dituela gure lurraldean: konkista babestu zutenen aberastea, lege arrotzen ezartzea (Amejoramendua kasu), hizkuntza eta kultur zapalkuntza geure hizkuntza zonaldeka ukatzeraino (garai batean sorgin ehiza eta geroago Vascuenceren legea), ikurren deuseztapena (gazteluen eraistea, ikurriña debekatzea)…

Historiako gertakari zehazten gaineko eztabaida zorrotzaz haranago, historiaren gezur handienak agerian geratu dira 500 urte pasa diren honetan, eta orain etorkizunari begiratzea dagokigu.

Nafarroaren azken 500 urteetako historia menpekotasun historia izan baldin bada, bada garaia Nafarroa demokratizatzeko. Bortxaz egindako arau ezartzeak albo batetara utzi eta Nafar jendarteari izan nahi duena galdetzeko unea iritsi da.

Nafarroaren estatusaren inguruko eztabaida soziala ireki behar dugu, aukera berdintasunean proiektu oro egingarri izan dadin egoera demokratiko bat eskuratu eta nafar jendarteak Euskal Herriaren etorkizunaren inguruan erabakia hartzeko duen eskubidea aitortu, eta gauzatu dadin baliabideak jartzeko garaia da.

Honenbestez, herria da protagonista nagusia. Gaur hemen bildu garen hiru alderdi politikook deialdia luzatu nahi dugu, herri gogo hori kalera atera eta argi uzteko 500 urteren ostean Nafarroa bizirik dagoela eta libre izan nahi duela. Ekainaren 16an, Iruñeko kaleak betetzeko deia egiten dugu, gaur egungo herritar nafarrok gure etorkizuna eta egitura politikoa erabakitzeko eskubidea eta aukera izan dezagun.