Entzute eta harreman fasearen zehaztapena

Pasa den azaroaren 7an Ezker Abertzaleko 300 kide ezberdinek epe luzera begira jarri eta etorkizunari ateak irekitzeko asmoz, gogoeta prozesu sakon bati ekiteko borondatea adierazi genuen. Ezker Abertzaleko militante guztiok elkarrekin hausnartu, hitz egin, entzun eta eztabaidatzeko izango den Abian prozesuaren berri eman genuen.

Bertan aipatu zen bezala hilabeteetan luzatuko den prozesu honetan, ahalik eta parte hartze handiena bilatzea ezinbestekoa izango da. Eta horretarako, militante oro eztabaidan ahaldundu eta aktibo izateko asmoarekin, bi fasetan burutuko dugu prozesua. Entzute eta harreman fasea batetik, eta eztabaida fasea bestetik.

Prozesuaren izaera dinamikoa dela eta eztabaida fasea guztiz zehazteke badago ere entzute faseari jada ekin diogu. Entzute eta harreman fasea ez da eztabaidatu eta erabakiak hartzeko unea, ekarpenak eta iritziak jasotzeko unea baizik. Helburua beraz argia da lehen fase honetan, ahalik eta kide gehienekin egon prozesuaren nondik norakoak azaldu eta ekarpen zein iritziak jasotzea.

Zutik Euskal Herria ebazpenetik hona jazotakoaren balantzea, egungo egoeraren analisia, etorkizunera begirako estrategia eta horretarako behar dugun antolakuntza zein militantzia kultura izango dira prozesuan eztabaidagai izango direnak gaiak. Entzute fase honetan gai hauen inguruan dauden iritzi eta ekarpenak jasoko dira, modu honetan, urtarrilean aurkeztuko den txostenean ahalik eta kide gehienen iritziak barnebildu ahal izateko.

Aipaturiko lehen fase honetan ekarpenak jasotzeko epe muga abenduaren 21a izango da, eta honako ariketa zein espazioak eskainiko dira ahalik eta ekarpen gehien jaso ahal izateko:

Ariketa indibidualak:

  • Banakako harremanak. Prozesuaren nondik norakoak azaldu eta edukien gaineko ekarpenak jasotzea da asmoa.

Ariketa kolektiboak:

  • Espazio espezifikoak
  • Ekarpen feminista jasotzeko eta gazteen iritzia entzuteko espazioak eskainiko dira. (data zehazteke)

Arloetako espazioak; gainontzeko espazioak orokorrak izango badira ere arlo zehatzen inguruan hitz egiteko espazioak ere eskainiko dira.

  • Hezkuntza: Azaroak 20, 17:30etan Zuatzuko Iratzar aretoan
  • Kultura eta Jatorri Aniztasuna: Azaroak 27, 17:15etan Zuatzuko Iratzar aretoan
  • Osasungintza: Azaroak 30, 17:15etan Zuatzuko Iratzar aretoan

  • Hizkuntza: Abenduak 10, 17:30etan Zuatzuko Iratzar aretoan

  • Sozioekonomia: Abenduak 11, 17:30etan Zuatzuko Iratzar aretoan

  • Kultura: Abenduak 17, 17:15etan Zuatzuko Iratzar aretoan

Gogoeta egun orokorrak (herrialdeka). Herrialde mailan parte hartu nahi duten guztiei zuzendua:
Azaroak 21, goizeko 9:30ean: Araba mailakoa Gasteizen (Las Nieves aularioan) eta Gipuzkoa mailakoa Hernanin (Langile Eskola)
Azaroak 28, goizeko 9:30ean: Bizkaia mailakoa Durangon (Institutuan) eta Nafarroa mailako Atarrabian (Kultur Etxean)

Ez da erronka makala aurrean duguna, datozen urteotako bidea eta beronen arrakasta dago jokoan. Erronka honi erantzuteko baditugu lehenengo zitak, hel diezaiogun erronkari bada.

Gogoeta egunetan izen emateko: www.ezkerabertzalea.info

ABIAN PROZESUKO BATZORDE ERAGILEA

Leave a Reply

XHTML: You can use these tags: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>