Abian prozesuaren amaiera ekitaldia

2015eko Azaroaren 7an eman genion hasiera Barne Hausnarketa eta Eztabaida prozesuari Ezker Abertzalean eta 6 hilabete beranduago, larunbatean emango diogu amaiera Durangoko Landako Gunean batzar eta ekitaldi baten bitartez.

Bertan Abian Talde Eragileak sei hilabete hauetako gestio informea aurkeztuko du. Gestio informean, txostena burutzeko 6 hilabete hauetan burututako entzute eta harreman fasearen berri jasotzen da. Baita, behin txostena izanda, eman den eztabaidaren nondik norakoa, eta eztabaidaren ondorioak. Azkenik etorkizunerako Ezker Abertzaleak dituen erronkak zehazten dira.

Barne batzar horri 10:00etan emango diogu hasiera ateen irekieraz.

Behin gestio informea aurkeztuta, etorkizunean Ezker Abertzaleak aurre egin beharko dizkion erronkak azaldu eta horretarako beharrezkoak ditugun tresnak eratzeko prozesua aurkeztuko da, Ezker Abertzaleko antolakunde ezberdinetako ordezkarien eskutik. Barne Batzarra euskaraz izango da.

Amaitzeko, 12:00etan ekitaldi publiko bat burutuko da. Abian ez baita izan paperetan edo txostenetan kabitzen den ariketa soila. Gure jarrera politikoa indarberritzeko ahalegina ere izan da, konpromiso eta engaiamendu urrats praktikoez osatu beharrekoa. Eta horri begira zuzendua izango da ekitaldi publikoaren helburuetako bat, eztabaida eta hausnarketak amaituta, erabakiak praktika bidean jarri eta elkarlanerako Ezker Abertzalearen prestutasuna erakustea.

Emendakinen behin betiko emaitzak.

Abian eztabaida prozesuko 3. batzarraren behin-behineko emaitzak

Eztabaida prozesuko hirugarren bilera erronda iragan asteburuan egin dugu eta bertan eztabaidatu eta bozkatu dira prozesuan zehar jasotako emendakinak.

Abian prozesuaren hirugarren eta azken bilera fasean 284 batzar izan dira Euskal Herri osoan zehar, bertan 3.059 lagunek parte hartu dutelarik.

Desobedientzia zibilari dagokionez, tesi nagusiak %52ko babesa jaso du eta emendakinak, aldiz, %33koa. Boto zuriak %15 izan dira.

Presoen antolakundearen arloan, Abian dokumentuak botoen %62 jaso du. Emendakinak %20ko babesa izan du eta %18ak zuriz eman du botoa.

Antolaketa egituraren Abianen proposamenak %66ko babesa izan du –EhunZangok %1eko babesa, H. M. Dinamizazioak %20koa, zuriz %13– eta Zuzendaritzari dagokionean, babesa %58koa izan zen tesi nagusiarentzat, emendakinarentzat %20koa eta, azkenik, %22a boto zuriak izan dira.

Eztabaida prozesuaren amaiera irudikatuko duen ekitaldi nagusia maiatzaren 7an egingo da.

Hemen dituzue batzarren emaitzak ikusgai.

Eta hemen ikus ditzakezue herriz herriko emaitzak.