1.-EUSKAL HERRIAK ALDAKETA BEHAR DU
Ukazioa, zatiketa eta inposaketa. Horixe dugu Euskal Herriak mendeetan zehar pairatu duen errealitatea. Bere existentzia beraren ukazioa frantziar zein espainiar Estatuen aldetik. Bere lurraldearen zatiketa administrazio ezberdinen pean. Marko juridiko-politiko eta eredu sozial, ekonomiko eta kultural jakinen inposaketa.
Euskal herritarrek aldaketa nahi dute. Gernikako Estatutuak eta Nafarroako Foru Hobekuntzak ez dituzte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko herritarren nahiak eta beharrak asetzen. Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan ere gero eta ozenagoa da onarpen politiko eta instituzionalaren aldeko aldarria. Inposatutako marko juridiko-politikoen agorpena eta sakoneko aldaketa politikoen beharra ukaezineko errealitatea da herritar gehien begietara.
Euskal Herriak behar duen aldaketa: Marko Demokratikoa. Iritsi da beraz aldaketa nahi eta behar horri erantzun demokratikoa emateko garaia. Hala, aldaketa, egungo marko antidemokratikoaren gaindipenean eta marko demokratiko baten eraikuntzan oinarritu behar da.
Akats historikoak ez errepikatu. Gure herria aldaketaren atarian izan da beste une batzuetan ere. Orain 30 urte esaterako, Trantsizioa deiturikoren baitan, aukera historikoa izan genuen ukazio eta zapalkuntza egoerarekin amaitu eta burujabetza berreskuratzeko. Aldiz, Herri honetako sektore batzuek, nahiago izan zuten frankismoarekin benetako hausturarik ez zekarren eta Euskal Herriaren ukazioa mantentzeaz gain zatiketa berri bat inposatu zuen Espainiako Autonomien Estatuan buru-belarri murgildu, beren interes partikularren mesedetan. Orain, 30 urte beranduago, ezin da akats bera errepikatu; Euskal Herriak ez du halakorik merezi.
2.-EUSKAL HERRIAK BEHAR DUEN ALDAKETA: MARKO DEMOKRATIKOA
Euskal Herria aitortuko duen markoa. Euskal Herria zazpi herrialdeez osatutako Herria eta nazioa da, nazio orori zor zaizkion eskubideen subjektu.
Lurraldetasun eta autodeterminazio eskubideak oinarri izango dituena. Herri gisa, gure etorkizuna libreki erabakitzeko dugun eskubidea aitortuko duena. Egungo zatiketa gaindituz subjektu erabakitzailea, Euskal Herria, artikulatuko duena. Eta gure etorkizun politiko, instituzional, ekonomiko, sozial, kultural nahiz linguistikoaz erabaki ahal izateko bitartekoak eskainiko dituena.
Proiektu politiko guztiak gauzagarri egingo dituena. Eszenatoki demokratikoa, proiektu politiko guztiek aukera berdintasuna izan dezaten gutxieneko baldintzak, minimo demokratikoak, finkatuko dituena. Independentziari ateak zabalduko dizkiona.
Gatazka politiko eta armatua gaindituko duena. Orube demokratikoa finkatuko duen heinean, Euskal Herria eta frantziar eta espainiar estatuen arteko gatazka politiko eta armatuari aterabide demokratikoa emango diona.
2.- NOLA ERAIKI MARKO DEMOKRATIKOA?
Egungo errealitatetik abiatuta, trantsizio bidea jorratu beharra dago. Euskal Herriko eragileen artean adostu beharreko bidea dugu hau. Egungo errealitate juridiko-politiko ezberdinetatik abiatuz Marko Demokratikoa eraiki bitartekoa.
Euskal Herria bi estatuen menpean zatitua dagoela kontutan hartuta, honako proposamen zehatza egiten du Ezker Abertzaleak:
-Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiarentzat Autonomia Estatutua, lau herrialde horietako herritarrei Euskal Herriaz erabakitzeko eskubidea aitortuko diena.
Zaharkitutako eskemak diren anexioa, integrazioa eta zatiketa baztertuz, euskal lurraldeen arteko harremana elkarren arteko errespetuan eta herritarren atxikimendu askean oinarrituko duena.
Lau herrialdeetarako markoa adosturik, esparru berria indarrean sartu ahal izateko, bai Euskal Autonomi Erkidegoko bai Nafarroako Foru Komunitateko herritarren atxikimendua beharko lukeena ezinbestean.
-Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarentzat Autonomia Politikoa, hiru herrialde horietako herritarrei Euskal Herriaz erabaki ahal izateko eskubidea aitortuko diena.
-Nazio instituzioak. Trantsizio bide horretan, baita Marko Demokratikoa indarrean sartuta ere, Euskal Herriak bere nazio instituzioak eratzeko eskubidea izango du.
3.-MARKO DEMOKRATIKORAKO PROPOSAMENA: ALDAKETARAKO LANTRESNA
Hauxe da Ezker Abertzaleak proposatutako bidea, Marko Demokratikorako Proposamena. Errealista, gaur egungo egoera juridiko-politiko ezberdinak aintzat hartu eta horietatik abiatzen delako. Gauzagarria, borondate politikoa baino eskatzen ez duelako. Demokratikoa, proiektu politiko guztiei aukera berdintasuna eskaini eta herritarren hitza eta erabakiari bide ematen dielako. Nazionala, Euskal Herria osoa aintzat hartu eta independentziarako bidean tarte urratsa egiten duelako.
Aitzitik, Marko Demokratikorako Proposamena ez da Ezker Abertzalearen jabetza, herriaren ondarea baizik.
1931an Lizarrako Estatutuan aurki daitezke proposamen honen arrastoak; Xibertan izandako negoziazioetan ere; Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak egindako Eraikitzen proposamenean… Herri honen historia luzean aldaketa garaia iritsi den bakoitzean herritar sektore zabal eta anitzek defenditu eta borrokatu dituzten edukiak biltzen ditu, gaurdaino iritsi direnak, herri honen borrokaren ondare gisa.
Hala, Marko Demokratikorako Proposamena ezker abertzaleak herritar ororen eskuetan jartzen duen bitartekoa da.