Otxandio: Iraunkortasuna helburu, 2010eko udal aurrekontuak onartu dira

herriak | 2010-03-09
http://www.ezkerabertzalea.info/irakurri.php?id=3574
Otsailean burututako ez ohiko udal batzarrean onartu ziren 2010eko aurrekontuak. Memoria historikoa, mugikortasuna, energia, ura eta kultur arloa dira presupuesto hauen ardatz nagusi.

Memoria historikoarentzat izango da diru atal nagusiena. Konkretuki 400.00€ gorde baitituzte, Guda Zibilean Otxandio bonbardatu zutela 75. urteurrena betetzera doan honetan, Andikona plaza atontzeko eta bertan hildako herritarrak omentzeko.

Mugikortasunari dagokionez, 50.000€-eko diru atala dute alde zaharreko sarrera zein irteeretan pibote automatikoak jartzeko. Udal ordezkariek esan dutenez, neurri horrekin “herri barruan desplazatzeko ibilgailu pribatua albo batera uztea eta herri barruan oinez edota bizikletaz desplazatzea bilatzen da”.

Energiaren ardatzean murgilduz berriz, esan daiteke, aurrekontu hauek diseinatzerako orduan udalak bi alderdi izan dituela kontuan. Batetik, efizientzia energetikoa hobetuz kontsumoa gutxitzea, hau da, 50.000€-ko inbertsioarekin argiteria publikoa hobetzea. Eta bestetik, errekurtso natural eta energetikoen kudeaketa lokala garatzea. Bestera esanda, udalak 21.000€ gorde ditu biomasa (basoetako adarren bitartez sortutako energia adibide) eta biogasaren (behien gorotzarekin sortutako energia adibide) inguruko ikerketetarako. Urari dagokionez berriz, 12.000€ ere badituzte ur edangarriaren kaptazioen inguruko ikerketa bat egiteko.

Azkenik, kultur jardueretara zuzendutako diru laguntzak mantendu dira. Udal ordezkariek adierazi digutenez, “krisi garaian errazena kulturara, jaietara edota kirol zein kultur taldeengana zuzendutako diru laguntzak murriztea bada ere, Otxandioko udalak diru horiek mantendu ditu”.

“Ingurune naturala zainduz Otxandiotarren bizitza kalitatea hobetuko duten proiektuak bultzatzeaz” gain, aurrekontu hauen helburu “iraunkortasunerantz bidea egitea” dela azpimarratu dute udalekoek.